Protokolo hau tresna bat da, indarkeria sexistari aurrea hartu, biktimei arreta eman eta herritarrak horren inguruan sentsibilizatzeko.
Gaueko aisialdiarekin eta festarekin lotutako eragile guztiei zuzenduta dago.
- Alde batetik, AISIALDIRAKO LOKALEI, TABERNEI ETA KAFETEGIEI, zer tamaina duten eta non dauden aintzat hartu gabe, nagusiki arratsaldez eta gauez ematen badute zerbitzua, bai lokalean bertan eta bai toki osagarrietan (terrazak, kanpoko barrak, etab.). Halako lokalen jabeek protokoloari atxikitzea eskatzen ahal dute.
- Bestetik, hainbat modalitatetan (jaialdiak, karpak, kontzertuak, kultur ekintzak, etab.) aldi baterako edo noizbehinkako gaueko aisialdiarekin eta festarekin lotutako jarduerak eskaintzen dituzten ENPRESA EDO GIZARTE-ENTITATEEI. Eremua kudeatzen duenari dagokio protokoloari atxikitzea eta hemen ezarritako baldintzak betetzea.
Protokoloan sartzeko eskatzen duten establezimendu eta jarduera ez-iraunkorrek konpromisoa hartzen dute adostutako baldintzak betetzeko. Hala, identifikatzeko irudia erabiltzen ahalko dute.
Jarraipen Batzordea ('Egitura' atalerako esteka) arduratuko da eskaerak onartzeaz, eta eskaera bakoitzak bi urteko indarraldia izanen du. Berritu ahal izateko, Iruñeko Udalaren Jarraipen Batzordearen Idazkaritza Teknikoak ziurtatu beharko du lokalak edo enpresa sustatzaileak adostutako baldintzak betetzen dituela oraindik ere. Iruñeko Udalaren Idazkaritza Tekniko hori arduratuko da eskaera berritzea egokia den edo ez aztertzeaz eta, baiezkoa bada, Jarraipen Batzordeari jakinarazteaz.
Bestalde, Iruñeko Udalaren teknikarien taldeak eskubidea du ausaz ikuskapenak egiteko ziurtagiriak indarrean dirauen artean.

ESKAERA
Establezimenduaren / jardueraren antolatzailearen eskaera webguneko eskabidearen bidez.
AZTERKETA
Teknikarien taldeak aztertuko du ea eskabidea egokia den edo ez. Egokia bada, ibilbide progresiborako prozesua abiatuko da.
Azterketa egiteko, teknikarien taldeak dokumentuak begiratzen ditu, eta zuzeneko kontaktua izaten du eskatzaileekin, prestakuntzaren inguruko baldintzak betetzen direla ziurtatu eta egiturazko neurriak ezartzeko plana aurkezten dutela bermatzeko.
ONESPENA
Jarraipen Batzordeak aztertuko du teknikarien taldeak helarazi dion eskaera. Eskaera ez bada egokitzat jotzen, hori idatziz jaso eta zuzendu beharrekoa zuzentzeko neurriak proposatuko dira.
AKTIBAZIOA
Bi urteko iraupena. Konpromisoak.
BERRITZEA
Bi urtez hartzen ahal da parte protokoloan. Hortik aurrera, teknikarien taldeak aztertuko du kasu bakoitza. Parte-hartzea ez berritzeko proposamena Jarraipen Batzordeak aztertu eta onartuko du.
Zalantzaren bat argitu nahi duzu?
Jarri gurekin harremanetan inolako konpromisorik gabe, eta lagunduko dizugu.
ociolibredeviolenciasexista@pamplona.es