Protokoloko teknikarien taldeak Aisialdirako guneak berrikusteko gida bat sortu du (gidarako esteka), eta protokoloan parte hartu duten eragileek eginiko egokitzapenetarako oinarria da.
Guneak berrikusteak indarkeriazko egoerak gertatzeko arriskua murrizten du, eta gainera, eragin positiboa du emakumeen askatasunarekiko errespetuaren pertzepzioan. Emakumeen mugikortasuna sustatzen du, komunitatean parte hartzea, eta aisialdirako baliabideak eskuratzeko aukera parekidea.
Emakumeen aurkako indarkeria eragozteko diseinatutako gune fisikoen ezaugarri nagusia da emakumeen segurtasunari, irisgarritasunari eta ahalduntzeari ematen diotela lehentasuna. Helburua da jazarpena, erasoak edo bestelako indarkeria jasateko arriskuak murriztea. Diseinu inklusiboa eta genero-ikuspegia uztartuta diseinatzen dira, eta indarkeriari aurrea hartzea eta segurtasun-pertzepzioa sustatzen dituzte.
Argiztapen egokia funtsezkoa da horretarako, gehien bat ezkutu samarrean geratu ohi diren pasabideetan (komunak, jantzitegia, eskailerak, etab.). Helburua da lokaletako gune horiek ongi argiztatuta daudela bermatzea, erasorik izan ez dadin eta ikuspena egokia izan dadin. Berrikuspen horietan, lokaletara iristeko edo horietatik ateratzeko ibilbideak ere aztertzen dira: inguruko kaleak, hurbil dauden garraio publikoaren geralekuak, etab.
Aisialdiko jarduerak egiten diren gune fisikoak diseinatzeko orduan, protokoloa aktibatzearen ondorioz sortzen diren egoerak aintzat hartu behar dira, hala nola konfiantzazko guneak izatea, inork behar badu erabili ahal izateko tokiak alegia.
Gune fisikoak berrikusteko konpromisoa hartzeaz gain, protokoloari atxikitzen zaizkion lokalek hitzematen dute etengabe eguneratuko dutela protokoloarekin duten engaiamendua, besteak beste lokalera joan ohi diren emakumeei eta bertako emakume langileei modu aktiboan entzunda, galdeketen bidez edo iradokizunetarako postontzien bidez, zer hobetu daitekeen atzemateko.